XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Panamako kolpe-saioa Noriegak kontatua

Egoera benetan larria izan omen zen.

Hasiera batean uste baino larritasun handiagoko kolpe saioa izan omen zen asteartean Panaman burututakoa eta porrot egindakoa bertako eta EEBBtako obserbatzaileek diotenez.

Noriega jenerala lau orduz atxiloturik euki omen zuten matxinatuek, zioen Arnolfo Castrejónek, indar armatuetako marina buruak.

Aldi berean, Iparramerikako Defentsa idazkariak, Dick Cheney-ek, esan zuen matxinatuek jakinarazi ziotela EEBBko gobernuari Noriegaren atxiloketa, baina ez zuten gure eskutan utzi nahi izan, erantsi zuen.

Kolpe saioaren larritasuna Defentsa bozemaleak argitara emandako lehen gerra partean ere igerri daiteke: hamar hildako, 26 zauritu, 37 atxilotu.

Atxilotuen artean Guillermo Wong koronela ere badago, segurtasun militarraren burua, G-2 delakoarena alegia.

Agiri ofizialaren arabera, hildako guztiak kolpistak dira, eta horien artean Moises Giroldi mayora, komandantea.

Hauxe zen batallón Urracaren burua, eta baitere kolpistek argitara emandako agiriaren lehen sinatzailea ere.

Agiri horren bidez Noriega eta bere inguruko jeneral gehienak jubilatu egingo zituztela adierazten zuten kolpistek.

Berriro iparramerikarren bertsioari atxikiz, defentsa idazkariak atzo telebistan esan zuen, kolpistek ez zutela Noriega EEBBtara estraditatu nahi, agintetik erretira arazi eta Panaman bertan lasai bizitzen uzteko asmoa baizik.

Jakina, hori ez zen prexixo gure intentzioa, erantsi zuen Cheney defentsa idazkariak.

Deklarazio guztiok ez datoz bat Noriega jeneralak berak plazaratutako bertsioarekin.

Ez naiz momentu batez ere matxinatuen menpean egon.

Nire agintea nagusitu egin da.

Matxinatuekin hitzegin dut eta errendi daitezen esan diet, bestela denok hil gintezkeela eta, ziren Panamako buruzagiaren hitzak.

Beraz, errebeldeen eskutan ez omen zen inoiz egon, eta berehala hasi omen ziren, bere bulego bertatik, erresistentzia prestatzen.

Bere aldeko tropek koartela inguratu zutela jakitean, bere despatxutik atera eta matxinatuei Noriega bera zuzendu omen zitzaien, ordu laurdeneko epea emanez armak uzteko.

Banekien bertan hil nintzaketela, baina aurre egin nien halere.

Matxinada guztian zehar ez dut nire eskutan ez pistola ez metrailetarik izan, zioen jeneralak.

EEBBen aurkako salaketa zuzenak egin zituen, Mac Donald izeneko koronel bat, defentsa departamendukoa, matxinatuekin etengabeko harremanetan aritu zela esanez, Iparramerika bertatik.

Adierazi zuen baitere liskerraldi osoan ez zuela inor hil, ni bake gizona naiz etsaiaren kontra tiro egiten dut, ez ordea anaiari, esanez.

Egoera uste baino larriagoa izan omen zen.